Bizkaiko Txakolina. Consejo Regulador. Denominación de Origen

2011: Bizkaiko Txakolinaren Uzta Onena

2011ko uzta kalitate handikoa izan da, eta, bertan, txakolinaren ekoizpena iazkoa baino %40 handiagoa izan da. Txakolin-mahastien azalera 358 hektareakoa denez, 2010ean horretarako erabilitakoak baino 16 hektarea gehiago daude gaur egun.

Dastatu nahi duten guztiek eskuragarri dute Bizkaiko Txakolinaren historiako uzta onena. Apirilaren 26an, osteguna, 2012ko Txakolin Eguna egitean eta 2011ko uztako txakolinak modu ofizialean irekitzean, kanpaina jarri zen abian, eta, adituen esanetan, “Jatorrizko Deitura honen historiako onena” da.

Bizkaiko Txakolinaren kalitateak hobera egin du, eta, aldi berean, ekoizpenak eta mahastien hektareen kopuruak ere egin dute gora. Hartara, 1.642.907 litro lortu dira 2011ko uztan. Hori dela eta, gehikuntza %40koa izan da, 2010eko uztaren aldean. Era berean, Bizkaiko Txakolinerako erabilitako mahastien azalera ere hazi egin da -358 hektarea daude, iaz baino 16 gehiago, alegia-. Dena dela, 2011ko uztako txakolin-litroen hazkuntza ikusgarria ez da hektareen gehikuntzaren ondorioa izan, batez ere metodologiari esker lortu ahal izan direlako txakolin-litro gehiago. Udaberria lehorra bezain eguzkitsua izan zenez, mahatsa azkarrago heldu zen, eta prozesu hori udan bertan ere berretsi zen, oso egun hezeak eta oso egun berotsuak nahastu ziren-eta. Hori guztiori dela eta, uste baino hamar egun lehenago bildu behar izan zen mahatsa, irailaren 20tik urriaren 7ra, hain zuzen ere.

Datu on horiek guztiak kontuan hartuta, uzta berria dastatzeko irrika handi-handia zen Zabalgunera hurbildutakoen artean. Ekitaldian bertan, lurraldeko politikari hauek parte hartu zuten, besteak beste: Nekazaritzako diputatua, Irene Pardo; Ekonomi Sustapeneko diputatua, Imanol Pradales; eta Eusko Jaurlaritzako Nekazaritza eta Arrantzaren Garapenerako sailburuordea, Jon Azkue. "Urterik urte, ekoizpen-hektarea gehiago daude Bizkaian, eta gure upategiak hobeto dimentsionatuta daude", azaldu zuen Irene Pardok.

Kontseilu Arautzaileko Elena Unzueta presidentea poz-pozik zegoen, Bizkaiko Txakolinak bizi duen une onaren adierazgarri. "Gaur egun, Bizkaiko Txakolina mundu-mailan da ezaguna, eta gero eta jende gehiagok onetsi eta balioetsi egiten du", gogoratu zuen. Une on honetan, gainera, Kontseilu Arautzailea bere adin-nagusitasunera iritsi da. "Lanean 18 urte daramatzagun arren, oraindik ere badugu zer eginik, eta bide hori egiteko irrikaz gaude, gainera", adierazi zuen Unzuetak.

Arrakastaren bidean, oraindik ere ohore gehiago lortuko ditu Bizkaiko Txakolinak. Soraya Sanjurjok, Zornotzako Jauregibarria jatetxeko sumillerrak, lehenengo kortxoa kendu zuen, eta 2011ko uztako ardoei buruzko lehen ezaugarrien berri eman zuen. "Ardo garbia da, belar-ñabardura ugari ditu eta fruta-ukituz beteta dago", azaldu zuen. Amaitzeko, honako hauxe esan zuen: "sarrera leuna bezain garratza da, eta ukitu mingotsa dauka amaieran. Zaporeak, beraz, oso orekatuak dira".

Aurton, honako hauexek izango dira Bizkaiko Txakolinaren ontasunak zabalduko dituzten enbaxadore berriak: Álex Cruz, Vueling konpainiako kontseilari delegatua; Mari Puri Herrero, margolaria eta Marijaiaren “ama”; eta Jon Aldeiturriaga, Alde Zaharreko Merkatarien Elkarteko presidentea.

lagunari bidali

Barrio Mendibile 42, 48940 LEIOA (BIZKAIA) Tfno.: 94 607 60 71 Fax: 94 607 60 72 info@bizkaikotxakolina.org