Bizkaiko Txakolina. Consejo Regulador. DenominaciĂłn de Origen

Mahats-bilketa goiztiar eta oparo bat hastera doa

Hain udaberri ederra izan dugu, non Bizkaiko txakolina egiteko mahatsa beste urte batzuetan baino hamar egun lehenago sartuko baita upeltegietara.

Aurreko urteetan ez bezala, 2011ko udaberria lehorra eta eguzkitsua izan da. Horrek azkartu egin du landareen zikloa eta mahastiak goizago loratu dira. Aleak bikain hazi dira eta mahats-mordo bete eta trinkoak osatu dira. Prozesu osoa, bestalde, aurreko urteetan baino hamabost egun lehenago egin da.

Aldiz, uda oso irregularra izan da, euri zaparrada handiak egin ditu uztailean eta  itzelezko bero handiak ekain eta abuztuko bigarren hamabostaldietan. Iraileko lehen hamabostaldia bikaina gertatu da. Lehen egunak euripean joan dira baina sasoi horretan Bizkaiko bazterrak epeltzen dituen hego-haizeak berekin ekarri ditu  eguzkia eta beroa, ezinbestekoak mahastietako zohitze prozesua ongi burutzeko.

Horren guztiaren ondorioz, udaberriko kanpaina bezala udazkenekoa ere aurreratu egin da eta mahats-bilketa lanak iaz baino hamar bat egun lehenago hasi dira. Mahastizain asko hasita daude batzen mahats barietate goiztiarrenak (riesling, sauvignon blanc eta mune mahatsa). Hondarrabi zuria eta hondarrabi zuri zerratia motako mahatsa ––Bizkaiko mahastien %80–– irailaren hondarrean eta  urriko lehen egunetan batuko da.

Aurtengo mahats-bilketa, goiztiarra ez eze ugaria ere izango da, batetik, mahatsa ondo loratu eta mordo gizenak eman dituelako, eta, bestetik, azken urteotan landatutako  mahasti sailak hasi direlako fruitua ematen.

Horiek guztiak direla medio,  litekeena da  2009. urteko 1.240.000 litroko ekoizpena ––Bizkaiko Txakolina Jatorrizko Deituraren Kontseilu Arautzailea 1994an sortu zenez geroztik izan den ekoizpen handiena–– gaindituta geratzea aurtengo uztarekin.

Kalitateari dagokionez, itxuren arabera mahatsaren osasuna oso ona da eta badirudi aurten ere Bizkaiko txakolin zoragarria dastatu ahal izango dugula.

Sektorea gero eta profesionalago egiten jakin duten mahastizain eta upeltegi-jabeen lan onari zor zaio Bizkaiko txakolinaren batez besteko kalitatearen maila handia. Beste faktore bat da Kontseilu Arautzailearen kontrol-lan zorrotza, zeinari esker neurtuko diren aurten 55 hektarea mahasti, 13 upeltegi hornitzen eta 54 mahastizain biziarazten dituztenak. Azalera hori, inskribatutako azalera guztiaren %15 da, eta azalera produktiboaren %20 (azalera produktiboak esan nahi du 2009a baino lehen landatutako arloa,  mahastiak ez baitu mahatsik ematen  hirugarren urtera arte).

lagunari bidali

Barrio Mendibile 42, 48940 LEIOA (BIZKAIA) Tfno.: 94 607 60 71 Fax: 94 607 60 72 info@bizkaikotxakolina.org