Bizkaiko Txakolina. Consejo Regulador. Denominación de Origen

Aurkeztu da 2011-2015eko plan estrategikoa

Bizkaiko Txakolinak badauka datozen bost urteetan sektorean jarraitu beharreko jardunbideen ildo nagusiak jasotzen dituen plan estrategikoa.

Behin iraungi ondoren Bizkaiko Foru Aldundiak 2005-2010 epealdirako prestatu zuen plana, ezinbestekoa zen plan estrategiko berri bat egitea 2011-2015 bosturtekorako helburuak eta jardunbide-ildoak ezartzeko, bai Jatorrizko Deiturarentzat eta baita ere inplikatutako erakunde guztientzat (operatzaileak, erakundeak...).

Zorrotz aztertu ondoren zein den sektorearen barneko egoera eta zein ingurunetan lehiatzen den, diagnostiko bat egin zen eta hori abiapuntutzat hartuta, definitutako bost eremuetako  jarduera-ildoak eta ardatzak zehazten dituen plangintza estrategikoa landu zen. Hona hemen aipatu bost eremu horiek: ardogintza, upeltegi eta enpresen kudeaketa, produktua, marketina eta komunikazioa eta sektoreko ekintzak.

Guztira 77 ekintza finkatu dira bederatzi jarduera ardatzen baitan: profesionalizazioa, operazioen eraginkortasuna, dimentsionamendua, kalitatea, besteengandik bereizteko irudia, ezarpen komertziala, berrikuntza, lankidetza eta bertebrazioa eta beste batzuk.

Oro har, hauek izan dira ekintza eremu desberdinetako ondorio erabakigarrienak:

  • Upeltegiak hobetzea eta profesionalizatzea. Kontseiluak lanean jardungo du upeltegiek aholkularitza kualifikatuko zerbitzuak izan ditzaten, horrela beren premiei egokitutako negozio eta marketin planak garatuko dituzte.
  • Produktua. Ezinbestekoa da kalitatea hobetzea, baina betiere txakolinaren tipikotasuna mantenduz. Hau da, Bizkaiko txakolinak gama altuko ardoa izan behar du baina aldi berean bakar eta desberdin egiten duen nortasuna gorde behar du. Horretarako, Kontseiluak kalitate irizpide are mugatzaileagoak ezarri beharko ditu dastaketa eta kalifikazio prozesuetan.
  • Marketina eta komunikazioa. Eremu honetan lehentasunezkoa da marketin operatiboko plan bat egitea Bizkaian eta Estatu barneko beste merkatu batzuetan garatu beharreko ekintzak zehazteko. Behin eta berriro adierazi behar da Bizkaiko klima eta orografia dela eta  –mendiko ardogintza-, oso zaila dela Bizkaian ardogintzan jardutea.   Azkenik, "txakolina" terminoa gaizki erabiltzearen aurkako borrokarekin eta salaketa kanpainarekin jarraitu beharra azpimarratzen da.
  • Sektoreko ekintzak. Sektorean inplikatutako eragile guztiekin egin beharreko ekintza bateratuei dagokienean, Plan Estrategikoak oinarrizko bi gomendio ematen ditu. Lehenik eta behin, ez da oinarri produktiboa zabaldu behar aurreko planari jarraituz landatu ziren hektareen bilakaera egiaztatu arte. Horrez gain, lanbide arteko batzorde bat sortu behar da sektorea ordezkatzeko organo berri gisa. Horrela, egitura eraginkorragoa eta profesionalagoa lortuko da Bizkaiko mahats eta ardoen sektorean.

Kontseilu Arautzaileak batzorde bat sortu du Plan Estrategiko berrian jasotako ekintzak jarraitzeko eta inplementatzeko. Batzorde horrek sektorearekin erlazionatutako erakunde eta administrazio guztiekin lan egin beharko du eta bere ardura izango da plana garatzeko finantzaketa bilatzea.

Plan hori osatzeko, Kontseilu Arautzaileak eta bere bazkide guztiek sektorearen bideragarritasunari buruzko hausnarketa sakona egin behar izan dute eta ondorio gisa baieztatu dute bikaintasunaren alde egin behar dela etorkizunari baikortasunez aurre egiteko behar den posizionamendua eta merkatu kuota eskuratzeko.

lagunari bidali

Barrio Mendibile 42, 48940 LEIOA (BIZKAIA) Tfno.: 94 607 60 71 Fax: 94 607 60 72 info@bizkaikotxakolina.org