Bizkaiko Txakolina. Consejo Regulador. Denominación de Origen

Bizkaiko Txakolina Motak

TXAKOLIN ZURIA:

Ekoizpen osoaren %85 eta %90 artekoa da. Batez ere, gomendatutako bi barietate zurien bidez eginda dago: Ondarrabi Zuria eta Ondarrabi Zuri Zerratia.

Tonuak hori argitik lastoaren antzeko kolore horixkara doaz, eta tonu horiek berdexkak ere izan daitezke. Distiratsua eta gardena da. Intentsitate ertaineko oinarrizko usainak ditu, bai eta nabardura ugari ere. Bertan, gainera, fruta, lore eta belar ukituak dira nagusi.

Ahoan, ohiko zaporea dauka, hau da, garratz samarra, freskoa eta orekatua. Ahoan sortutako sentsazioaren amaiera iraunkor samarra da, eta zapore ondokoa mingostxoa izan daiteke.

UPELEAN HARTZITUTAKO TXAKOLIN ZURIA:

Orientazio ona daukaten lur-zatietan kokatutako mahastietako ekoizpenak haritz-egurrezko upeletan hartzitzen dira. Lastoaren antzeko kolore horixka edo kolore hori argia daukate. Garbiak eta distiratsuak dira. Euren usaina intentsitate ertain-handikoa da, eta fruta zein lore ukitu baltsamikoak dituzte.

Ardo freskoak, orekatuak eta konplexuak dira ahoan. Horrez gain, iraunkorrak ere badira, eta fruta zein lore ukitu baltsamikoak zapore ondokoan agertzen dira berriro.

Guzti-guztiak ardo lehorrak dira, hau da, euren azukrearen hondar-edukia ez da litroko 5 gramotik gorakoa.

TXAKOLIN GORRIA:

“Oilar-begia” esan ohi diote. Txakolin gorria egiteko, gomendatutako baretate beltzaren %50 erabiltzen da gutxienez: Ondarrabi Beltza.

Arrosa-kolorekoa da, eta nabardurak marrubi-kolore argiaren zein magurdi-kolorearen artekoak dira. Garbia bezain distiratsua da. Basafruitu txikien usainak dauzka, eta, barietatearen ezaugarri berizgarrien arabera, soloa eta piper berdea dakarzkigu gogora.

Ahoan, egitura arin-ertaineko ardoak dira. Erraz edaten dira, eta freskoak bezain biziak dira. Zapore ondokoa luzea eta fruta-gustukoa da, eta, era berean, barietatea dakarkigu gogora.

TXAKOLIN BELTZA:

Ondarrabi Beltza barietateaz eginda dago. Ardo gaztea da, eta nortasun bereizgarria dauka. Bere kolorea gorri bizi-bizia da, eta bere tonuak gerezi-gorritik morera doaz. Oinarrizko usainak bizi-biziak dira, eta fruitu txikien, piper berdearen eta soloaren ukituak dituzte.

Ahoan, egitura ertaineko ardoa da, freskoa, behar den moduko taninoduna. Zapore ondokoa fruta-gustukoa da, eta, barietatearen ezaugarri bereizgarrien arabera, soloa zein piper berdea dakarzkigu gogora.

Nolako egitura duten eta zeinen konplexuak diren kontuan hartuta, batzuetan ondu egiten dira. Hori dela eta, ukitu zigortuak dauzkate sudurrean, eta egurrezko ukitu konplexuagoen bitartez osatzen dira ahoan.

lagunari bidali

Barrio Mendibile 42, 48940 LEIOA (BIZKAIA) Tfno.: 94 607 60 71 Fax: 94 607 60 72 info@bizkaikotxakolina.org